XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Arreta handiz mugitzen zen, urak ez lohitzeko *lohitu: lohiz, lokatzez, zikinkeriaz bete urak (enturbiar).

Urperatu zuen harriaren gainean oinak ezarririk, haren eskuek bizkor ziharduten ostra nasaiak askatzen, batzuk banaka, besteak pilaka.

Otarrean uzten zituen.

Zenbait tokitan ostrak elkarrekin eransten ziren eta, korapilotan ateratzen ziren.

Kinoren herrikoek gertatu edo izan den guztiari kantatu diote.

Kantuak eginak zizkieten arrainei, itsaso harrotuari eta itsaso bareari, argiari eta ilunpeari, eguzkiari eta ilargiari, eta kantu guztiek Kinoren eta bere herriaren animan jarraitzen zuten, jakinik edo ahazturik.

Eta otarrea betetzen zuen artean Kino kantu baten jabe zen, eta kantuaren erritmoa bihotzaren taupadekin zeraman, oxigenoa bere arnas eutsitik hartuko bailuen, eta melodia ur gris-berdeskan zegoen eta bere inguruan igeri zebilzkion itsastar animalia ttipietan.

Baina bere kantuaren baitan beste kantu ezkutuago bat gordetzen zen, somagaitza, baina benetakoa, gozoa, sekretua eta kantu hau Perla Posiblearena zen, molusko haietako bakoitzak perla bat eduki bait zezakeen.

Probabilitateak eskasak ziren, baina patua *patua: destino, hado eta jainkoak bere alde egon zitezkeen.

Eta bazekien kanoan Juana otoitz magikoa egiten ari zela, aurpegia zorrotz eta giharreak teinko zoriari bultz egiteko, jainkoen eskuetatik erauzteko èrauzi: arrankatu, beharrezkoa bait zuen Coyotitoren sorbalda gaiztotua sendatzeko.

Eta beharra izugarria izanik eta desioa handiagoa, Perla Posiblearen melodia txiki eta ezkutua inoiz baino sendoagoa zen.

Bere melodiaren ahapaldi osoak entzutera ematen ziren Itsasoaren Hondoko betiereko kantuarekin batera.

Kino, bere indarraz eta gaztetasunaz harro, bi minutu baino gehiago urpean irauteko gauza izaten zen esfortzu nabaririk gabe, eta denbora hau moluskorik handienak aukeratzen joaten zitzaion.

Apur bat eskuinetara harritzar berde bat zegoen arrantzurako egoki ez ziren ostrakumeez hornitua.

Kinok harrizko meta hura inguratu zuen, eta orduan, haren alboan, hegal txiki baten azpian, ostra handi-handi bat ikusi zuen, bere motako animalia gazteago guztiengandik banandua.

Maskorrak erdi zabalik zituen, ostra zaharra seguru sentitzen bait zen harrizko hegal haren azpian eta arrosa koloreko giharreen artean ametsezko diztira bat ikusi zuen ostra itxi baino lehen.

Bihotza erritmo azkarragoz taupadaka hasi zitzaion eta Perla Posiblearen melodiak belarriak bete zizkion.

Poliki-poliki ostra bere ohatzetik atera zuen eta maitasunez bere bularraren kontra estutu.

Bere oinak harria inguratzen zuten sokatik askatu eta bere gorputza urazaleraino igo zen, bere ile beltzak eguzkitan dizdiz egin arte.

Kanoaren karelera heldu eta ostra barrualdean utzi zuen.

Juanak ontzia orekatu zuen Kino igotzen ari zen artean.

Bere atrantzale begiak dirdiretan zeuden pizturik, baina lasaitasunez bi sokei goruntz tira egin zien, harri astuna eta ostren otarrea goian eduki arte.